2008-03-15

Besarkada haundi bat Arotiaoroatik!!




Kaixo Bidaiblogzaleok!!

Laino Zuri Luzearen lurra utzi bezperan, hementxe naukazue Antipodatan zehar egindako egun gutxi hauetan bizitakoak kontatzeko prest!!



Hasiera batean honera etorri bidean pentsatutakoak urruti geratu dira, ezinezkoa izan da hegoaldeko irlako mendi eta glaziarrak ezagutzera hurbiltzea, baina pozik noa Arotiaoroatik, ongietorri politta, abegi ederra eta zenbait ibilaldi harrigarri ere eskaini bait dizkit... Hegoamerika, Andeak, Apuak, lur colla, eta betirako barru-barruan eramango ditudan Pachamamaren ohiartzunak atzean utzi izanaren bihotzminak sendatzeko, ukendu goxoa izan da egun hauetakoa...
Hala ere ezin ukatu Aucklandera, Zelanda Berriko hiriburura iristea, ahaztuak nituen, eta moduren batean arrotz egin zaizkidan errealitate batera ateak irekitzea izan dela... Buenos Airesen egindako egonaldian ez bezala, auto ilarak, jendearen joan etorri azkarregi bat, zarata eta izaera urruneko jende eta gizarte batekin, gizarte okzidentalarekin aurrez-aurre topo egitea izan da alde batetik Aucklandera iristea... Natur ingurune izugarri batek, itsasoarekin berriro ere elkartzeak, eta Carmen eta Ken, hemen zain nituen lagunen ongietorri goxoak ekidin ezin izan duten sentsazioa aldean izan dut honera iritsi nintzenetik...



Carmen 25 urte denetik Zelanda Berrian bizi den atxabaltarra dugu, Londres, Paris edo eta Donostian bizi ondoren, Kenekin batera hiri hau beraien bizileku izateko aukeratu zuena... Etxeko bata jantzita eta ohetik atera berritan harrapatu nuen etxean, aireportutik iristean, eta geroztik ez dute beraien egongelan jarri dudan kanpobasetik ni mugitzerik lortu!!

Carmen hasiera hasieratik saiatu zen bere hiriaren eta inguruko txokoen xarma erakusten, eta beraiengana iritsi orduko, Waitaka Ranges-era joan ginen, Aucklandetik pauso batera dagoen ohian ederrera... Bertan izan nuen Arotiaoroako natura eder bezain ezezagunarekin lehenengo kontaktua... Kaori erraldoiak, palmera itxurako ira erraldoiak diren rimuak, kitxuiak, manukauak, kofaiak, nire begien aurrean azaltzen ziren neurri eta era guztietako landare eta zuhaitzak... nikauen loreetatik rata landare batera hegaka izugarrizko usotzarrak, pokeko izeneko oilasko tamainako hegazti torpetxoak... dena nobedade!

Waitaka Rangeseko basotik, Pihako hondartzara egin genuen gero, Zelanda Berriko surflarien artean fama berezia duen kostalderantz... Sumendietako hondar beltzaren apaingarri, landarez jositako haitzak paisaiaren osatzen... Horrela pasa zen Antipodatako nire lehenengo eguna.


Hurrengoak planifikazioari eskeinitakoa behar zuen... baina hegoaldeko irlara joan eta bertako paisaiez gozatzeko aukerari laister egin behar izan nion muzin, bertaraino hurbiltzeko egin beharreko gastua, eta hamar eguneko egonaldia hamar eguneko zoroaldi bihurtzeari uko egitea erabakita... Iparraldeko irletan bertan egin ahal izateko alternatibarik egokiena, Tongariroko Parke Nazionalera joatea zela erabaki nuen, Carmen eta Kenen laguntzarekin...


Tongariro Parke Naturala, bizirik degoen lurralde baten islada bizia da, sumendiz osatutako irla batean, sumendi bizien ingurunea biltzen duena... Zonalde sakratua maorientzat, gaur egun "tramping"-erako ("trekking"aren bertsio zelandaberriarra) ingurune ederra, eta neguko hilabeteetan eskiatzaileentzako paradisua... Ustekabeetarako prest egon beharra da baina! Ihazko denboraldian, adibidez, Ruapehu sumendian kokatuta dauden eski pisten erdian erupzioa gertatu zen bezela, edozein unetan etorri bait liteke lurraren taupadaren kolpea hemen ttiki garen gizakiontzat...

Tongariro Parke Naturala hiru sumendi nagusiz osatua dago: Ruapehu, 2700metrotik gorako menditzarra hegoaldean, Tongariro, ttikiena altueran baina era berean biziena iparraldean, eta Ngauruhoe, sumendi perfektua, paisaiaren erregea, Peter Jacksonek bere "Eraztunen Jauna"trilogiarako "Destinuaren Mendia" izateko hautatu eta erabili zuena, beste bi mendien erdian... Kenek etxean erakutsitako argazkiekin eta erreferentzi haiekin, nere irudimenean Mordor ilunera egingo nuen bidaia prestatzen hasi nintzen bada...


Orduan hasi zen bidai osoan zehar autobusekin izango nuen gorabeheren zerrenda....

Internet bidez Naked Bus (autobus biluzia) konpainiarekin tratua eginda, hurrengo eguneko 8retan nuen zita Aucklandetik irtetzeko... Goizeko 7rak pasatxo erdialderantz zihoan trena hartuta, no problem, etzen arazorik 8retarako Aucklandeko kai ondoan dagoen paradara iristeko... Trena bide erdian geldirik geratu zen arte!! Geltokira 8rak eta 2 minututan helduta, muturren aurrean egin zidan alde autobusak!! Ala, 29 dolar haizea hartzera!! Burumakur bueltatu nintzen etxera, dolar hoietaz aparte, hurrengo egunean irtetzea lortuta ere, trekkina burutzeko egun bat gutxiago izateak asuntoa zailtzen zuenaren sentsazioarekin... Eskerrak Carmenek azkar asko asmatu zuen eguna pasatzeko egitarau politta atontzen! Hurrengo egunean Intercity konpainiarekin zita eginda, Kenek eraman ninduen autobus geltokiraino, badaezpada edo... Oraingoan bai, autobusa hartzeko arazorik ez, eta hantxe joan ginen, gero eta gehiago, kilometroz kilometro, Zelanda Berriak nire irudimenean betetzen zituen paisaiak aurkitzen... larre berdeak, basoa, erreka zabalak, herri ttikiak... garai batean sumendi izandako tontor ilunak goxotasunez betetzen ditu egun gainean duten orlegi kolore biziak... Bazkaltzeko geldialditxoa egin genuen herrixka batean;ordu erdiko parada mokadutxoa egin eta herrian barna buelta bat emateko; irtetzeko ordua, ordubata eta bost minutu... Ni, badaezpada, tope segurola, autobusa gelditu eta errepidea zeharkatuta, pixkat haraxeago eseri nintzen pi-nic mahai batean, ordua iristean ttak! Bertara igotzeko... Lasai-lasai motxilan neramatzan sanduitxak atera, gustora asko irentsi, eta zigarro bat erre nuen gero, lasai arraio... Momentu aproposa Lonely Planetari bistadizotxo bat emateko, eta hantxe atera eta Tongariroko ibilaldiei buruz informatuz, gustora egon nintzen irakurtzen... Horrela ba, bapatean... Ostras! Ze ordu da? Erlojura begiratue eta... 01:06!!! Buelta eman eta... AUTOBUSA NON DA!!!??? Ezin nuen sinistu!! Autobusak alde egin zuen, nire traste guztiak barruan sartuta eta ni herrixka hartan (mastiraukeunlapo) utzita!! Korrika sartu nintzen autobuseko gidariak bazkaltzera sartzen ikusi nituen jatetxera... Bertako langile bati ia autobusero hoietako baten telefonoa ote zuen galdetuta, berak ezetz, baino orduantxe bertan jatetxetik irtetzen ari zen tipo horri galdetzeko, bera ere gidaria zela eta agian berak baietz... Bere autobus xaharrera sartzen arrapatu nuen tipoa, eta "PLEASE, PLEASE!!"... Operadora baten bitartez azkar jarri zen gidaria InterCitykoekin harremanetan, eta ia bidean aurrera zihoana geldiarazi, eta ttuku-ttuku hantxe joan ginen biok nire aingeruaren autobus xaharrean, 6-7kilometro aurrerago bide ertzean geldituta, nire motxila, nire trasteak, nire bizitza erdi zeraman InterCitya arrapatu arte... Haiek mutur beltzak haiek bi gidarienak! Ni eraman ninduen gidariari berriz, muxuka jan izango nioke bibotea, hala eskatu izan balit...

Xelebrekeri guzti hauen ondoren bada, iritsi ginen Whakapapara, Tongariro Parke Naturaleko sarrerara... Bixitarientzako informazio gunean bi gau pasatzeko baimena eskuratu, eta bertako kanpinean lekua hartu ondoren, inguruak ezagutzeko denbora banuen oraindik iluntzerarte... Dagoeneko konturatzen hasia nintzen leku hark antz gutxi zuela nire irudimenean Mordorreko lurrek zuten irudi harekin... Whakapapa bera baso itxiz inguratuta egonda, hogei minutuko ibilalditxoa egin beharra izan nuen, zuhaitz artetik irten eta lehenengo aldiz, Kenek beraien etxean erakutsi zizkidan argazkien itxura handiagoa zuten beste paisaia haiek aurkitzeko... Nguruhoe eta Ruapehu laino sendoz estalita ziren artean, eguzkia zeruertzerantz jeisten hasia zen une hartan; haizeak fin astintzen zuen belar luzea, baina berriro ere horrelako ingurune zoragarri baten egotearen sentsazioaz gozatzen, gustora eseri nintzen bere gordean, eguzkiaren azken errainuek mendiaren gaineko lainoak nola gorriz tindatzen zituen ikusteko... Iluna iritsi orduko gainera, Nguruhoe estaltzen zuen ganduak behera egin zuen, eta instant batez bederen, eta lehenengo aldiz, sumendiaren ahotzarra ikusi ahal izan nuen. Opari hura jaso izateaz pozik, gustora jeitsi nintzen berriro ere kanpinerantz.

Hurrengo bi egunetako planak gogorra zirudien... Beste askok hiru egunetan egiten duten bidea nik bitan egin beharra nuen, hilaren 11ean Turangitik Aucklandera zihoan autobusa hartu ahal izateko...Are gogorragoa, bizkar gainean kanpindenda, lozakua, sukaldetxoa, janaria, dena neramala kontutan eukita; 25 bat kilo gutxi gora behera. Hala ere lehenago eguna eguzki zoragarri batekin esnatu zen, eta animoso ekin nion ibilbideari. Basoa eta zelaiak tartekatuz lehendabizi, erreka batean gora urjauzi eder bateraino ibiliz gero, Ngauruhoe ederraren itzalpean beti, gustora egin nuen eguerdi arterako txangoa, Tama-ko lakuen ertzean, goroldio gainean exeri eta bazkaltzeko. Tama-ko lakuak itzalitako bi sumendiren krater barruan egoterakoan, igoera motx baino gogor bati aurre egin beharra zaio bertatik irten eta Waihohunuko gaina hartzeko, baina hara iritsita ikusten den ikusmira, zoragarria da benetan... Irudimena aske hutziz gero, zelaietara begiratu eta errexa da Gandalf Aztia bere mearas zuriaren gainean imajinatzea, Edorasera bidean larreak trosta bizian zeharkatzen, Katmanawako basoak atzean dituela. Mendiaren babesean, haizetik gordetzen duen bailaratxoan, hantxe dago Waihohunuko aterpetxea, nire lehenengo lolekua ibilaldi hartan. Errekatxoa ere badu ondoan; a ze plazerra oinak ur hotzetan sartuta egunak emandakoaz gozatzea...
Hurrengo goizean goiz jaikita, gosaldu eta martxa hasteko trasteak jasotzen nituen bitartean, antzeman nion egunari etzetorrela aurrekoa bezain lasaia; haizeak gogor astintzen zituen zuhaitzak eta lainoek abiada bizian zeharkatzen zuten zerualdea; egunak polita zirudien hasieran, baina, paisaia lez, pixkanaka pixkanaka eguraldia bera ere gordintzen joan zen Oturereko aterpetxera bidean; eguzki goxotan hasi bai, baina lolekutik urruntzen ninduten bailarak eta basoak atzean utzita, lainotzarrak eta haize hotza nagusi bihurtzen joan ziren, ikusmirak berak gidoia bera idatzi izan balu bezela... sumendien erupzioen seinale, harri beltzak, ondar iluna, forma misteriotsuz betetako mendi zorrotzak buru gainean, mehatxuan bezela, eta airean, zein usain da hori? Bai, sufre usaia bai...

Infernua baina, etzen sufre usaiarekin batera etorri, ezta Oturereko aterpetxetik bidean aurrera egiteko igo beharra den malda gogorrean ere... euriak ekarri zuen. Haize hotzak, eta euriak. Aurpegia bixera azpian gordeta eta gorputza gogortuta, hotzari aurre egiteko modu bakarra, aurrera egitea, nahiz eta mela-mela eginda joan... Ketatahiko lolekura iritsita ere, asunto txarra, ekaitzak ez baitzuen lasaitzeko itxurarik hartzen... Euripean denda ahalik eta azkarren jarri, eta dardario artea erropa aldatuta, kafe bero batez gorputza goxatu artean, onik ez! Hala ere, "Prueba superada!!" esanaz bezela, iluntzean lainoek alde egin zuten mendian gora, bailaran behera, Rotaira lakua, Turangi inguratzen duten baso ederrak eta han, urrunean, Taupo lakua, krater baten barruan dagoen munduko lakurik haundiena bistaratuz... Ederra ikusmira, kanpoko hotza sufritzen jakin ezkero behintzat!Pozik sentitu nintzen, azken ordu haietan jasandako sufrikarioa jasanda ere, helburua beteta, hurrengo egunean Tongariro sumendiaren tontorrera igo, bixtez gozatu, eta Turangirantz irtetzeko aukera nuelako.






Eguraldi askoz hobeago batekin, polita izan zen, egindako bidean atzera egin, eta aurreko arratsaldean burua makurtuta eta ihesean egin behar izan nituenak, lasai-lasai eta lainoen artean gordeta gelditu ziren paisaiak berreskuratuz egitea. Urtean zehar, eta batez ere udako hilabeteetan milaka pertsonek egiten dute bide hau, "Tongariro Crossing" deitutakoa, nik egindako bidea laburtuz, egun bakarrean sumendien bihotzera eramaten duen bidea. Aurreko egunean usaindu bakarrik, baina gaur lurpeko fumarolen gasak irtetzen ikus zitezkeen; sumendien kloreak antzeman, eta batez ere, ibiliaz gozatu...Eta kostatu, kostatu zitzaidan bai, baina Ngauruhoe mendiaren tontor hutsa ere, ikusi ahal izan nuen berriz! Tongariro mendiko kraterraren erpin batean eserita, lau orduko bijilia eta ia-ia gripe bat harrapatzea kosta zitzaidan baina bai, lortu nuen nahi nuen argazkia! Eguna bukatzean, Rotaira laku ertzetik utzi nuen Parkea, beste ilunabar gorri baten erdian, bailaran behera jeitsiaz...

1 comentario:

Anónimo dijo...

artixta!!!!
eutsi horri! himalayan ere izarrak buru gainean...
muxu potolo bat.