2007-12-26

Gabonak... mundu indigena barruan

Ohartxo bat: Begiratu "artxiboan" gaur bertan blogean sartu ez bazarete, azken aste osoko kronika bi zatitan egin beharra izan baitut.

Hilaren 23a, Gabon bezpera, Urubamba errekaren ertzean dagoen "Ochentaydos" herrixkan hasi nuen, zelabaiteko hostaltxo batean lo egin eta gero. Herria birbataiatua izan zen orain urte batzu dela Aguas Calientesera dijoan trenbidea ireki zenean ,82garren kilometroan kokatua dagoela ta ... Eguraldi ederrak aurreko eguneko iluntzean ikusiten utzi ez zidana erakutsi zidan etxetik irten orduko, Urubambako bailara 5000metrotik gora altxatzen diren tontorrez inguratua baitago. Egunaren bukaerako helburua, Ocongate zen, Cuscotik harantza, mendietan gora eginaz, Puerto Maldonado eta Brasilera irtetzen den errepidea hartuz, hiru bat orduko bidean. Machu Picchurantza irten aurretik egin nion bixita relampagoan Antonio Guardamino jesuita donostiarra ezagutu nuen bertan, Iraitzen osaba Kaxildoren lagunmina, eta Ocongate eta inguruko komunitate indigenetako parrokoa... eta hori baino askoz gehiago.



Hilaren 23a, Gabon Gau bezpera... Etxetik eta etxekoengandik milaka kilometrora egonda, egunak iristen ari zirenean, nire burua "hozten" aritu nintzen sarritan, aurretik oraindik beste Gabon Gau asko, Eguberri, Urte Zahar ta Urte Berri asko geratzen direla pentsatuz, baina egindako bixitan Antoniok luzatutako gonbitari, Gabon gaua berekin eta Ocongaten lanean ari diren beste bi bertako mojekin pasatzekoari, alegia, enion ezetzik esan... Duda gabe hobeto nengoen beraiekin Cuzcoko hotelean bakarrik baino... Eta Ocongaten egindako egonaldia hori baino askoz gehiago izan da gainera, orain arte arrotz, mesfidati eta urrutitik begiratzen ninduten indigenengana hurbiltzeko, berien bizimodua askoz ere gertuagotik ezagutzeko parada ezinhobea suertatu baita.


Ocongatera iritsi aurretik baina, derrigorrezko parada, Ollantaytambo, inken Orreaga...
Cuzcotik berrogei bat kilometrora, mendi magalean kokatua dagoen tenplua, gaztelu bilakatu zen tenplua dago, inkek lekurik zailenetan eraikinik harrigarrienak egiteko zuten gaitasunaren seinale, eta konkistatzaileen aurka izan zuten garaipen bakarraren eskenatoki... Cuzco erori eta gero, hemen gotortu zen Manco Inca geratzen zitzaion gudarostearekin... Francisco Pizarroren anaia Hernando harantza abiatu zen errege inca garaitu asmoz, baina honek, mendiaren magalpean zeuden ubideak desbideratu eta lokatzez bete zituen, erasora etorritako españolak bertan harrapatuz... Mendi gainetik jaurtitako harri, gezi eta lantzek triskantza eragin zuten españolen artean eta ihesi irten behar izan zuten Ollantaytambotik, Manco Incaren gudariak atzetik zituztela... Baina euskaldunoi gertatu izan zaigun bezela, etzen luzarorako izan garaipena, Chiletik etorritako beste gudaroste batek garaitu bait zuten azkenik Manco Inca, bere azkenengo gordeleku izan zen Vilcabambako ohianean harrapatu eta erahil zuten arte... Leku eder hontan bixita egin eta azpian dagoen herri koketoan autobusaren zain nengoela, Quico eta Javi aurkitu nituen berriz, Arequipako Colcako bailaran ezagutu nituen andaluziar jator askoak... Quico Euskal Herrian sarritan egondakoa da, eta Javik berriz birraitona Hutzikoa zuen, nafarra... Gustora utzi nion Cuzcorako lelengo autobusari alde egiten beraiekin garagardotxo bat hartu eta tertulia alaia egiten genuen bitartean...



Eguneko azken argiak amaitzen ari zirela iritsi nintzen Ocongatera, "Padresito" Antonio eta bere umeen korua hurrengo eguneko mezarako kantuak ensaiatzen ari ziren bitartean... Afaltzeko, uummmh! Callampak!! (Txanpiñoiak) Garbitzeko lanak hartu arren, ederrak zeuden; presarik gabe prestatu behar izan genuen afaria, aldiro-aldiro, beti irekia dagoen atera, orain gazte bat, gero jantzi tradizionalez jantzitako andretxoa, beranduago parrokiako langileak ate joka etorri bait ziren... gustora egon giñen gero Antonio ta biok gaueko ordubiak arte ia tertulian... Hogeitasei urte daramatza Antoniok inguru hartan, Urcosen lelengo eta Ocongaten gero, eta ketxueraz bere ama hizkuntza izango balitz bezela egiten du. Urte guzti hauetan, gainera, inguruko jendearen bizimodua eta gabezien berri ederki jaso du... Orain hamar urte arte argindarrik etzen Ocongaten, eta errepidea oraintxe asfaltatu berri dute, Brasilerako irteera den bide garrantzitsua izan arren... Bide zaharra sarritan lurjauziek itxita, dozenaka alditan egin beharra izan du oinez Urcosetik Ocongaterako bidea, egun oso bateko txangoa, eta zer esan inguruko komunitateetara joateko egindako ibilaldiei buruz... Traba guzti hauen kontrapuntua, bizi den inguruaren edertasuna... Bere etxeko leihotik goizero-goizero Ausangate du paisaiaren errege, 6200 metrotik gorako menditzarra, eta herritik pixkat gora egin ezkero, Cayangate, Colloriti... Alpaca taldeak larreetan bazkatzen, papak eta artoa chacretan... Eta jendea...










Hurrengo goiza niretzako gordea zuen Antoniok, eta bere todoterrenoa hartuta mendietara habiatu giñen, berandu, euri garaiko lainoek paisaia ilundu eta euria egin zigulako gogoz, baina a ze gozada berekin joatea... Jende guztiak irrifartsu egiten zigun agur, eta bidean mila geldialdi egin genituen, hona ez bazen hara zijoazten nekazariak jasotzeko... Bera bezain besteko alaitasunez eta errespetuz agurtzen ninduten ni ere, eta inpresionantea egin zitzaidan, orain arte indigenak eskaparatean bezala ikusi eta gero, bera agurtu ondoren, nola andretxoak, gizonak, ke eta alpaka ile usain sarkorrez jantzitako nekazariak ni besarkatzera etortzen ziren ondoren... Callampazale amorratua Antonio, sarri geratzen zuen todoterrenoa bide bazterrean ttak! hantxe pare bat ikusi zituelako, eta berriro ere kotxera sartu orduko, han non datorren zelaian behera mutikotxo bat, esku artean daraman txapela callampaz beteta, zikin, mukiz beteta, baina kriston irrifarrearekin... eta gero beste bat, eta beste bat... "Madresitek" afaltzeko egin beharreko menuak beste konponente bat gehiago izan zuen.



Aspaldiko partez, mezetara joan nintzen iluntzean... eta oraingoan ez zen funeral bategatik... Eliza lepo beteta, ordu erdi bat aguantatu nuen bertan, Antonio ketxueraz sermoia ematen entzuteko kuriositateak lagunduta... Eta gero, afaltzera!!


Karramarro zopa, olisko rolloak mahaspasekin, papa pudiña eta beraien negutegiko marrubiak postrerako... zer gehiago esaka liteke ba? Barriketa alaiean inguruko jendearen bizitzari buruzko beste mila anekdota, eta nire lotsarako, eta ia ia nire begien malkotarako... opariak! Afaltzeko garagardoa besterik eraman enuela, eta beraiek, bakoitzak txuio, txapel bana!! Barre ederrak bota genituen uste gabeko kointzidentziarekin... Hurrengo goizean, Antoniok, txuio bi buru bat estaltzeko gehiegi zela pentsatuta, aurreko gauean oparitutakoa aldatu zidan... Mendian jantziko ez dudan baten ordez, baina ia-ia berriro malkoak irten arazi zidan opariarekin... Ocongate eta inguruetan jai berezietan eta ezkontzatan janzten den txuioa opari... izugarri ederra! Beste oparia, bere todoterrenoa! Jaiki eta segituan, aurreko egunekoa errepika etzedin, automobila hartu eta Ausangate "apu"aren magaleraino hurbildu nintzen, oraingoan bai, zeru urdiña lagun... Graziosoa izan zen , jendeak hurrutitik kotxea ezagutzen bait zuen, eta agur egin, gero barruan zijoana Antonio etzela ikusteko... Hala ere, gidaria bera ez, baino ohiturak bai mantendu nituen... lelengo gizontxo bat, eta gero "mamita" bat ere eraman bait nituen beraien herrira.


Urcoserarteko bidea elkarrekin eginda, ketxua ikastaro ttiki bat egiteko aprobetxatuz, agur esan genion elkarri... Euskal Herrian elkartuko gara berriz.

Eguberri...On Machu Picchutik!!


Eta bapatean, idatziko nizuen kronika jantzi beharra zuen argazkian lainoak ilundu egin dira, irrifarrak izoztu... loreak ihartu dira, eta txorien kantuak itzali... haizeak kulunkatzen duen zapia dakusat bakarrik argazkian, ufada bakoitzean bere mezua berritzen... gurekin eta bizirik nahi ditugulako, errepide ilunean hilotz iñor gehiago gelditzerik nahi ez dugulako... EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA!!!
Eta Peruk nigan eragiten ari zen inpresioak berritzen jarraitzen du... Berriro ere, jarritako espektatiben marra apurtuz, Cuzcok, Qosq´o-k, Tauantinsuyo zaharraren hiriburuak, mundu inkaren zilborra baño askoz gehiago dela erakutsi dit azken hamar egunotan. Hirian bertan, edonon ageri diren orma inken perfekzioak, gainean eraikita dauden etxe kolonial dotoreen oinarria bertakoa, indigena, konkistatu gabeko izaera dela erakusten dute... Machu Picchuraino hedatzen den Bailara Sakratuan, izadiaren indarraren artean edonon ageri da bostehun urte ondoreneko haztarnen distira... Hiriburuko reggetonaren eta pose yankizatuetatik urrunduz gero, jendearen aurpegitan, janzkeran, izaeran, hizkeran ez da mestizairik antzematen...


Sacsaywaman Cuzco gainean kokatua dagoen mendixka bat da, Manco Incaren gidaritzapean, konkistatzaileei aurre egin nahian hiriburuan izan zen azkenengo gudu odoltsuaren testigu, irabazleek birrindu nahi izanagatik ere, oraindik izandakoaren haunditasuna gordetzen duena... Hiru aldiz egin behar izan nuen bertarako bidea bilatzen nituen argazki eta irudiak jaso eta hiruretan, euripean herriraino korrika jeisteko! Pachacutec inka izan zen bere sortzaile, eta Cuzcori jaguar baten irudia eman nahi izan bazion, Sacsaywaman jaguarearen burua zen... Jaguaerearen ortz bakoitzak bospasei metroko altuera du, orain, goikaldeko harriak konkistatzaileek beraien jauregiak egiteko erauzi arren.



Ahozabalik uzteko moduko beste leku bat, Coricancha da, beste asko bezela, gainetik berreraikia, kasu hontan dominikoen komentua egiteko... Komentuko klaustro barruan, urrez estalitako inken tenplu nagusiaren haztarnek diraute, hemen idazten jarriz gero, blogeko memoria bukatzerarteko kronika beteko luketen mila detallerekin... Eta gero, kalea bera, hiriko txoko guztietan igertzen den izaera inkaren beste mila adibidez josia.

Guzti hontatik edanez Cuzcon hiru egun pasa ondoren, Machu Picchurako bidea hasi nuen euriaren erdian. Egun osoko bidea eginaz, eta garestiegia suertatzen den zirkuito ofizialaren gibeletik, Cuzco-Santa Maria, Santa Maria-Santa Teresa ibilbidea egin genuen Urubamba bailara alde batera utziaz. Egun osoko paliza eta eurien ondoren, gozzzada hi! Ur termalak gure zain Santa Teresan! Konpainia onean, gainera, bidean egindako bi lagun suitzarrekin. Hainbeste urbanismo eta errepideko palizaren ondoren, gustora jarri nuen motxila bizkarrean handik Aguas Calientes, Machu Picchuko sarrerako atea bitarteko bidea egiteko... Aurreko egunean errepide erdian eroritako lurjauziek bideari emozioa eman bazioten, Santa Teresatik irten orduko, tatxaaan! Oroia gure zain! Oroia errekak zeharkatzeko Perun oraindik leku dexentetan erabiltzen den sistema da, tirolina estiloko tramankulua hauxe, azpitik igarotzen den Urubamba erreka pasatzeko Santa Teresan duten "Dragon Khan"a . Berez lasai igo nintzen tramankulura, baino bide erdia egin orduko, errekeren orroa hor behean... glups! Asko eskertu nuen beste aldean sokari tiraka "compadre" bat jarri zitzaidanean. Lasaiago, ttipi-ttapa ekin nion bideari, pista zabalean lehenbizi, Aguas Caleientesera dijoan trenbidea jarraituz gero... Paisaia aldatzen joan zen pixakanaka, "andinista" titulua irabazita duten ganaduarentzako larreak atzean utzi eta ohianean murgilduaz pixkanaka... Trenbidean ordu pare bat egin eta gero, bideko errebuelta batean, han goian, azaldu zen arte... eta bai goian azaldu ere! Tokiko bixita egiteko berandutxo, baina HuaynaPicchu, Machu Pichuri horrelako paisaia zoragarria izatea zor dion mendia igotzeko kaskagorkeria banuen baina ordurako buruan sartuta... Alferrik baina! Usteak erdia ustel, eta ordubete luzeko esfortzuaren ondoren hiria hasten den lekuraino iritsita, ez zidaten pasatzen utzi, "boletoa" ordaindu beharra zegoela, eta gainera sarrera mugatua duela esanda... Belarriak jetxi eta bidean behera egin behar ba! Aguas Calientesera iristen, gau osoan iraun zuen zaparrada hasi zen...

Hurrengo egunean goizeko bosterdietan jaiki, eta zetorren egun luzeari ekin nion, animoso, aurreko egunekoa baino askoz motxila arinagoa bizkarrean hartuta... Lelengo belarrondokoa, jaiki orduko! Gora igotzeko txartela, 6 dolar! "Pues me voy andando!" esan, txarteleko neskari mutur aurretik eman nizkion sei solak jaso, eta eta flipatu aurpegiaz utzita hantxe joan nintzen, ezagun nuen bidean gora berriro ere... Euria zen artean, eta lekuari oraindik misterio gehiago ematen zion laino sendo batekin iritsi nintzen, azkenean, Machu Picchura... Nire imajinazioan ia bueltaka, Huaynapicchu gainetik lainoa jasotzen zen momentuan hiria zein eder ikusiko ote zen neukan... Enekiena, Huaynapicchu bera zeinen ederra izan zitekeen laino artean... Goizeko zortziterditan Huynapicchu tontorrean egonda, eguerdian berriro Aguas Calientesen egoteko asmoa nuen orduan, baina bai zera! Nola alde egin handik... iñolako presarik gabe, gozatzen pasa nuen goiza, orain nik ere majiko deitzen diodan leku hartan... Hiri guztia zeharkatu eta beste aldetik, argazki famosoa atertatzen lekutik begira ere denbora pila pasa nuen, kalez kale gero, aldapa gora ta aldapa behera, giaren batekin zijoan talderen bati pegatu, sekretutxoak entzuten bezela...





Ordubietan iritsi nintzen Aguas Calientesera, beherantzgo bidea harriz harri saltoka egin eta gero... Hoteletik gauzak jaso, axkar axkar bazkaldu eta trenbidera berriro! Oraingoan baina, Urubamba erreka izango nuen bidelagun... Espero enuena trenbideko erreilak ere hurrengo 28 kilometrotan begibistatik kendu ere egingo enituela zen... Klabo lagunak esandakoari jarraituz, Aguas Calientesetik irten eta gutxira erreka zeharkatu eta beste aldetik bidez bide joateko asmoa nuen... baina bai zera! Zubi guztiak itxita daude "Camino Inca" trekkingeko "inpuesto reboluzionarioa" ordaindu nahi ez dugunontzat... Gauez, trenbideko harri txintxarrek oinak txehetuta, baina ilargi ederra nire bidea argitzen iritsi nintzen 82garren kilometrora. Nekatuta, baina pozik egunak eman zuen guztiaz.




To be continued