2007-12-26

Eguberri...On Machu Picchutik!!


Eta bapatean, idatziko nizuen kronika jantzi beharra zuen argazkian lainoak ilundu egin dira, irrifarrak izoztu... loreak ihartu dira, eta txorien kantuak itzali... haizeak kulunkatzen duen zapia dakusat bakarrik argazkian, ufada bakoitzean bere mezua berritzen... gurekin eta bizirik nahi ditugulako, errepide ilunean hilotz iñor gehiago gelditzerik nahi ez dugulako... EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA!!!
Eta Peruk nigan eragiten ari zen inpresioak berritzen jarraitzen du... Berriro ere, jarritako espektatiben marra apurtuz, Cuzcok, Qosq´o-k, Tauantinsuyo zaharraren hiriburuak, mundu inkaren zilborra baño askoz gehiago dela erakutsi dit azken hamar egunotan. Hirian bertan, edonon ageri diren orma inken perfekzioak, gainean eraikita dauden etxe kolonial dotoreen oinarria bertakoa, indigena, konkistatu gabeko izaera dela erakusten dute... Machu Picchuraino hedatzen den Bailara Sakratuan, izadiaren indarraren artean edonon ageri da bostehun urte ondoreneko haztarnen distira... Hiriburuko reggetonaren eta pose yankizatuetatik urrunduz gero, jendearen aurpegitan, janzkeran, izaeran, hizkeran ez da mestizairik antzematen...


Sacsaywaman Cuzco gainean kokatua dagoen mendixka bat da, Manco Incaren gidaritzapean, konkistatzaileei aurre egin nahian hiriburuan izan zen azkenengo gudu odoltsuaren testigu, irabazleek birrindu nahi izanagatik ere, oraindik izandakoaren haunditasuna gordetzen duena... Hiru aldiz egin behar izan nuen bertarako bidea bilatzen nituen argazki eta irudiak jaso eta hiruretan, euripean herriraino korrika jeisteko! Pachacutec inka izan zen bere sortzaile, eta Cuzcori jaguar baten irudia eman nahi izan bazion, Sacsaywaman jaguarearen burua zen... Jaguaerearen ortz bakoitzak bospasei metroko altuera du, orain, goikaldeko harriak konkistatzaileek beraien jauregiak egiteko erauzi arren.



Ahozabalik uzteko moduko beste leku bat, Coricancha da, beste asko bezela, gainetik berreraikia, kasu hontan dominikoen komentua egiteko... Komentuko klaustro barruan, urrez estalitako inken tenplu nagusiaren haztarnek diraute, hemen idazten jarriz gero, blogeko memoria bukatzerarteko kronika beteko luketen mila detallerekin... Eta gero, kalea bera, hiriko txoko guztietan igertzen den izaera inkaren beste mila adibidez josia.

Guzti hontatik edanez Cuzcon hiru egun pasa ondoren, Machu Picchurako bidea hasi nuen euriaren erdian. Egun osoko bidea eginaz, eta garestiegia suertatzen den zirkuito ofizialaren gibeletik, Cuzco-Santa Maria, Santa Maria-Santa Teresa ibilbidea egin genuen Urubamba bailara alde batera utziaz. Egun osoko paliza eta eurien ondoren, gozzzada hi! Ur termalak gure zain Santa Teresan! Konpainia onean, gainera, bidean egindako bi lagun suitzarrekin. Hainbeste urbanismo eta errepideko palizaren ondoren, gustora jarri nuen motxila bizkarrean handik Aguas Calientes, Machu Picchuko sarrerako atea bitarteko bidea egiteko... Aurreko egunean errepide erdian eroritako lurjauziek bideari emozioa eman bazioten, Santa Teresatik irten orduko, tatxaaan! Oroia gure zain! Oroia errekak zeharkatzeko Perun oraindik leku dexentetan erabiltzen den sistema da, tirolina estiloko tramankulua hauxe, azpitik igarotzen den Urubamba erreka pasatzeko Santa Teresan duten "Dragon Khan"a . Berez lasai igo nintzen tramankulura, baino bide erdia egin orduko, errekeren orroa hor behean... glups! Asko eskertu nuen beste aldean sokari tiraka "compadre" bat jarri zitzaidanean. Lasaiago, ttipi-ttapa ekin nion bideari, pista zabalean lehenbizi, Aguas Caleientesera dijoan trenbidea jarraituz gero... Paisaia aldatzen joan zen pixakanaka, "andinista" titulua irabazita duten ganaduarentzako larreak atzean utzi eta ohianean murgilduaz pixkanaka... Trenbidean ordu pare bat egin eta gero, bideko errebuelta batean, han goian, azaldu zen arte... eta bai goian azaldu ere! Tokiko bixita egiteko berandutxo, baina HuaynaPicchu, Machu Pichuri horrelako paisaia zoragarria izatea zor dion mendia igotzeko kaskagorkeria banuen baina ordurako buruan sartuta... Alferrik baina! Usteak erdia ustel, eta ordubete luzeko esfortzuaren ondoren hiria hasten den lekuraino iritsita, ez zidaten pasatzen utzi, "boletoa" ordaindu beharra zegoela, eta gainera sarrera mugatua duela esanda... Belarriak jetxi eta bidean behera egin behar ba! Aguas Calientesera iristen, gau osoan iraun zuen zaparrada hasi zen...

Hurrengo egunean goizeko bosterdietan jaiki, eta zetorren egun luzeari ekin nion, animoso, aurreko egunekoa baino askoz motxila arinagoa bizkarrean hartuta... Lelengo belarrondokoa, jaiki orduko! Gora igotzeko txartela, 6 dolar! "Pues me voy andando!" esan, txarteleko neskari mutur aurretik eman nizkion sei solak jaso, eta eta flipatu aurpegiaz utzita hantxe joan nintzen, ezagun nuen bidean gora berriro ere... Euria zen artean, eta lekuari oraindik misterio gehiago ematen zion laino sendo batekin iritsi nintzen, azkenean, Machu Picchura... Nire imajinazioan ia bueltaka, Huaynapicchu gainetik lainoa jasotzen zen momentuan hiria zein eder ikusiko ote zen neukan... Enekiena, Huaynapicchu bera zeinen ederra izan zitekeen laino artean... Goizeko zortziterditan Huynapicchu tontorrean egonda, eguerdian berriro Aguas Calientesen egoteko asmoa nuen orduan, baina bai zera! Nola alde egin handik... iñolako presarik gabe, gozatzen pasa nuen goiza, orain nik ere majiko deitzen diodan leku hartan... Hiri guztia zeharkatu eta beste aldetik, argazki famosoa atertatzen lekutik begira ere denbora pila pasa nuen, kalez kale gero, aldapa gora ta aldapa behera, giaren batekin zijoan talderen bati pegatu, sekretutxoak entzuten bezela...





Ordubietan iritsi nintzen Aguas Calientesera, beherantzgo bidea harriz harri saltoka egin eta gero... Hoteletik gauzak jaso, axkar axkar bazkaldu eta trenbidera berriro! Oraingoan baina, Urubamba erreka izango nuen bidelagun... Espero enuena trenbideko erreilak ere hurrengo 28 kilometrotan begibistatik kendu ere egingo enituela zen... Klabo lagunak esandakoari jarraituz, Aguas Calientesetik irten eta gutxira erreka zeharkatu eta beste aldetik bidez bide joateko asmoa nuen... baina bai zera! Zubi guztiak itxita daude "Camino Inca" trekkingeko "inpuesto reboluzionarioa" ordaindu nahi ez dugunontzat... Gauez, trenbideko harri txintxarrek oinak txehetuta, baina ilargi ederra nire bidea argitzen iritsi nintzen 82garren kilometrora. Nekatuta, baina pozik egunak eman zuen guztiaz.




To be continued

No hay comentarios.: