2007-12-07

Huarazen berriro ere, Huayhuasheko buelta eginda!!

Kaixo, kaixo, familiiii!!!

Bidaigari berriro ere zibilizaziora bueltan da!!

Begiak eta espiritua paisaia, jende eta irudi ederrez beteta, eta ikusitakoaz guztiz enamorauta, baño bueltan da!!
Ez da gutxiagorako izan... Cordillera Blancan egindako lau eguneko buelta ederra izan bazen, Huayhuashek, agian ezezagunagoa izateagatik, agian aldizkariren batean ikusitako argazkiren baten erreferentzia besterik ez izateagatik, sorpresa izan da bertan aurkitutakoa.

Hasiera bera xelebre antza izan zen... Bidai luzexka egin beharra nuen Huaraztik trekkina bera hasten den lekuraino iristeko; Huaraz-Chiquián-Chiquián-Llamac ibilbidea Chiquianen gelditu zen egun batez, Llamakera zijoan kolektiboak pott egin eta ni ta beste hamar bat lagun hantxe botata utziaz. Imajinatu nire disgustua, herri hark zirudien kutrearekin, egun oso bat bertan pasa beharra... Alternatiba gutxi nituen, nik neuk taxi bat hartu ezkero120 $ eskatzen zizkidaten, oinez nire kontu joatea, inposible, trekkina egiteko janari guztia aldean neramala... Bertan gelditu beharra derrigor... hala ere, orain, astebete beranduago, iñolako penarik ez dut... Chiquián hasera baten zirudiena baino askoz ederrago bilakatu zen pixkanaka-pixkanaka, kutreak ziruditen adobezko etxeak dotoretzen joan ziren apurka-apurka, jatetxe eta kafetegi txiki eta goxoak azaldu ziren etxabeetan, plaza zabal eta politta zuela ere konturatu nintzen... Hotela bera, 20 solen trukean (5 bat euro) goxoa eta mendietara begirako bista ederrekoa suertatu zen... Agian hantxe gelditu izatean suertea izan nuela pentsatuz bukatu nuen egonaldia.

Hala ere, mendirantz irtetzeko gogoa biderkatu besterik ezitzaidan egin... Hurrengo egunean bai, kolektiboa konpondua zen, eta hantxe egin genuen, pista gorabeheratsuan barna bi orduko bidaia, hau ere kontrastez betea, trumoiaren soinua sortuaz zetorren erreka zuloan basamortua zirudien paisaia... Llamac-era iristean han nuen Justino laguna nire zain, aurreko egunean oinez abiatu zen batek abixatua zuen ia banetorrela...



Hizketalditxoa egin eta gero, hantxe ekin zion nire lagun berriak astoak prestatziari, ta ordu pare batean Cuartelhuainera bidean ginen biok, "Azulejo" ta oraingoz izenik eztuen asto berriarekin, errekan gora, arroila zeharkatzen duen pista jarraituz... Bidean gora, orban itsusia zeharkatu behar lehendabizi, mehatze izugarri bat irekia baitu enpresa japoniar batek bailara ederraren erdian... hala ere, bidean aurrera bailara zabaltzen joan zen eran, lehenago ikusiak nituen paisaiak azaltzen joan zitzaizkidan begi aurrean... Momentu batzutan, Piriniotako txoko ezezagunen batean nengoela zirudien... Kareharrizko mendiak, larre zabalak, baso txikiak haize ezkutuetan... Eta Cuartelhuainera iristean... Anboto!!

Euri zaparrada batek gogor harrapatu gintuen kanpalekura iritsi baino lehenxeago, eta presaka jarri genuen denda bigarren bat zetorrela igerrita... Presek eta lainoek ia ia etziguten ikusten utzi zeinen leku politean jarri genuen gure lolekua... Gugandik metro gutxira bi etxolatxo zeuden, Fidela eta bere familiaren bizilekua hauxe, eta etxeko alaba txikia bixitan etorri zitzaigun igerri gintuen momentuan. Hurrengo egunen ere, gu zakutik irten orduko hortxe zen berriro guri begira... eguzkia ere haitzen atzean azaltzen joan zen pixkanaka, eta ia ez gaitu hutziko hurrengo egun guztietan. Eguzkiarekin batera, hortxe azaldu zaigu Huayhuasheko lehenengo erraldoiaren irudia, Rondoy, egun osoan bidelagun izango genuena. Gure lolekua atzean utzita, Cacanapuntara bide gogorra hasi genuen, gure lelengo mendiko pasua, eta bertan munduko ibairik luzeenaren, Amazonasen jaiolekua aurkitu dugu, burni eta metalez tindatutako bailaran. Handik aurrera, mendi zorrotz eta elur zurien ikuskizuna hasi da...

Jancako lerretan, alde batera begiratu, eta Amezketatik gora egin eta Minetako higoera gainditu izan bagenu bezela, larreak, ganadua zelaietan lasai bazkatzen, muino goxoak... Beste aldera begiratu, ta Huyhuasheko erregea, Yarupajá, eta bere ondoan, txikiagoa metrotan, baino neurrigabe eder, zorrotz, koloretsu Jirishanca. Carhuacochako lakura iristean, Siula Grande mitikoa eta Siula Chico, txikitik gutxi duena gehitu zaizkie gure lolekua atontzeko... Justino eta Gari txingurritxoak, beren edertasunez mozkortzen gaituzten erraldoiengandik edaten...Kuadroa osatzeko, millaka, milloika izar zeru garbian...

Hala ere, edertasun guzti honen erdian, Huayhuashek badu bere "leienda beltza" aldean... Mendilerroaren ekialdera hurbiltzen garen eran, Justinok lehenago Aritzak komentatutako istorio ilunak berritu dizkit... Bakarrik doazenen zain bide ondoan izan ohi diren lapurren istorioak, gertatu izan diren hilketak... Lasai ibiltzea omen dut, dio Justinok, bertako jendea ez omen da arrieroekin dijoaztenekin sartzera ausartzen, ezagutuko dituztenaren beldur, eta gertatu diren azkenego kasuetan, harrapatu eta zigor gogorrak ezarri omen zaizkie gaizkileei... Hala ere, egia da, gurutzatu ditugun artzain eta nekazariak ez dira orain arte ezagutu ditudan peruarrak bezain abegikorrak, begirada ilunez eta aurpegi serioz begiratzen gaituzte... ez dut ongi etorria naizenaren sentsaziorik, eta badaezpada, bideokamara eta argazkiak ateratzekoa motxilan gorde ditut Portachelo de Huayhuash zeharkatu bitartean. Hala ere, eguna berezia izan da gaurkoan ere... Ehiza eguna: Vicuñak, condorrak, llamak, mendi hauetan ikusi litekeen fauna harrapatu omen dut, Justinok dionez, ikustezina den puma eta haitzen artean gordetzen den taruca ezik. Ehiza honekin arro, eta haize gogor eta hotzak astinduta, Viconga lakura iritsi gera, Pushcanturpa mendiaren magalean. Bukatu da hirugarren eguna.

Hurrengo egunaren bukaeran, ezer idazteko indarrik enuela gogoratzen dut Justinorekin zita egin nuen lekura iristean... Baina nola ezer idatzi gabe geratu, ikusi nituen guztiak ikusi, ta gozatu nituen guztiak gozatu ta gero? Eguna amaitzear, eguzkia gordetzear zenean, bideko azkenengo errebuelta eman eta "si, en el sitio donde se juntan los dos rios" hartara iristean ere...egunak emandako guztiaren gainean jarritako ginda eritzi zitzaidan leku hura.

Goizean uste baino lehenago hasi zuen eguzkia gure kanpalekua izan zena goxatzen; gure kanpin dendako kanpoko lonari izotza kentzeko eta gure lozaku umelduei ura kentzeko ezin hobeto... gustora gosaldu genuen eguzkitan Justino eta biok. Pushcanturparen itzalean hasi genuen bidea, Cuyoqueko lepora, 4950metrotan, gure bideko lekurik altuena hauxe... Paisaiak ilargitik ateratako postala zirudien momentuka, glaziarraren izotzetara hurbildu arte behintzat...Eta han, urrunean, Huayhuasheko sorginkeriaren errudunak ikusita, iada zonalde seguruan ginela jakinda, lehenago Aritzak komentatutako pasuagatik galdegin nion Justinori, San Antonioko pasuagatik. Han agurtu ginen gauerarte, bi errekek bat egiten zuten lekurarte, bera bailaran behera ta behera joanda, ni berriz gora ta gora, mapetan azaltzen ez baino bertan zeuden bideen bila.

Harnasa estu, baina indarrak bete, harrapatu dut azkenean mendiko lepoa... edo berak harrapatu nau ni? Nola deskribatu une hori? Nire oinen azpian mila metroko zuloa, eta bi milako elurrezko, izotzezko, haitz bizizko ormatzarra aurrean, ikutzeko moduan... Yerupajá, Siula biak, mila elurrezko laberinto nire aurrean...A ze momentua, a ze lekua...

Turkesa koloreko lakuaren bila ekin nion bide pikoan behera, vicuña talde bat ere arrapaladan irten zitzaidan bidean... ni aluzinatzen. Izotzetan sortzen den erreka eskuman hutzi, eta bailaran behera eta behera, morrena bizietan hasieran, leku izugarri hartan bizi diren artzainen etxolen ondotik, bailara lauean gero. Gizontxo bat irten zitzaidan bidera, botika eske, niri, mendian behera zetorren martzianoari. Semea astebete denetik ohean omen zuen, gripeak jota... eskerrak emanaz agurtu nuen, emandako solasaldiagatik, momentuagatik. Eta bidean jarraitu nuen, bailara zoragarri hartan behera, aldiko- aldiko, bidean gelditu, eta atzean uzten ari nintzenari begiratzeko. Bi errekek bat egiten zuten lekuraino... Bailaran behera burrunbaka bata, ehunka metrotatik saltoka bestea, dozena erdi urjauzi osatuaz...

Hurrengo eguna nekatuta hasi nuen, hasiera errexa izan arren, Huayllapa herrixkaraino jeitsiera gogor egin zitzaidan berriz gorantza hasi ginenean... Tapush puntara bidea latza izan zen, astoen pausoa ere ezin jarraitu, baina lasai, gorputzaldia aurka euki arren, ordularia eta animoak alde genituen, eta pausua, geldoa, baino segurua. Helburua, Jahuacochaco lakuan jarria nuen, nahiago nuen beste askok bi egunetan egiten zutena bakarrean egin eta atsedenerako egokia zen lekura iristea. Jahuacochan Delao Aranda bizi da, Justinoren aitaginarreba, eta bagenekien leku aproposa zela gaurko egun nekosoa atsedenerako ihardunaldi bihurtzeko... Horrela jarraitu genuen aurrera, Yaucha Puntararte... Bideoa sartzen saiatu naiz, baina argazki montajearekin konformatu beharko dezue... Hau ere, ordulariak gelditzeko beste leku bat, egutegiak ere bai, ahal izanez gero. Huayhuash oso-osoa aurrean, lehenengo egunean ikusi genuen Rondoytik hasi ta goizean gain-gainean izan genuen Diablo Mudoraino... izugarria, neke guztiak ahaztu arazi zizkidan.

Poz-pozik egin genuen bidean behera, Delaoren etxera bidean. Bera etxean izan ez arren, bere emazteak ongi etorri ederra eman zigun. Abegi ona beti presente izan dugu bertan pasatako bi egunetan, etxola ilun eta keztatuan. Horrelako teilatupe batean "bizi" izanaren sentsazioa krixtona izan da. Hurrengo eguna, Yarupajaren glaziarra bixitatuz pasa genuen. Orain berrogeitahamar urte dela hegazkin istripua izan zen mendiaren magalean, Peruko Armadako hegazkina mendiaren kontra joan zen. Bi teoria omen daude istripua arrazoitzen dutenak: Bata, zeloengatik erotuta, hegazkina gidatzen zuen pilotuak nahita bota zuela aparatua glaziarraren kontra, bera, bere neskalaguna, bere maitalea eta beste berrogei lagun akatuaz. Beste teoriak, hegazkina Yarupajaren indar "magnetiko" esplikaezin batek erakarrita lehertu zela dio... Kontuak kontu, abestiak ere egin dizkiote istripu misteriotsuari, hegazkinik batere ez omen da pasatzen gaur egun inguru haietatik, eta glaziarrak, bere barru-barruan dituen hegazkinaren puskak botatzen omen ditu oraindik aldiro-aldiro...

Beldurrezko istorioei kasu gehiegi egin gabe, gustora ibili giñen Justino eta biok bere oinean dagoen lakuan amorrai arrantzan. Ilunabarrean Delao etxera bueltatzean afaritarako zituen mahai gaiñean. Eta horrela bukatu dira nire Huayhuasheko egonaldiko egun zoragarria hauek, lagunek oparitutako linternaren argi xuabearen azpian, kanpoko hotzari kafe bero batez aurre eginaz, tertulia goxoan.

Berriro ere Llamac-era bidean, Llamac Pampako azken lepoan, agur esan diet maiteminduta hutzi nauten mendi eta bideei... Hurrenarte, Huayhuash!

5 comentarios:

Andoni dijo...

Aupa gure Willy Foog!!!!!
Hemen akordeoiekin aspertuta,zure argazkixekin gozatzen.Kristonak hi!!
Photoshopakin trukautakuak ote.....
Benga,besarkada haundi bat putzuaren bestaldetik zure sexua,ostias!!,barkatu!!....SAXUA faltan botatzen duen batena

Juanma dijo...

"... astuak ziren ttiki-ttikiyak, mendiyak, berriz, kriiiiiiixtonak... nola demontre konpontzen ziren trekkinlari apartak?"

aupa Gari, ederrak parajiak, ta baita argazkiak ere, rediox!!!!

segi hola!
besarkada bat Irundik

ni dijo...

hoi dek biziei parre eittea, hoi!!!
hemen ere badire mendiak, e? ez pentsa!!!!

inbiria igerri al zait?

ainhoa dijo...

Batzui aitzorrotz igotiak ekarten duzkun larritxasuna ikusitxa, hobeto argazkixekin aho zabalik gelditxu ta zeure hitzekin flipau!!! artista, jarraitxu hola!!! eh! gaur neuk be herreran ikusi dot edurra eh? ez pentsau!!! mañuetako paraje honeik sikuak baina kauen dios zelako hotza itxen dauen!!! Patxo potolo potolo bat ta hurrengorarte!!! AH! ta mendixen ezinien zabiltzela, jaso bultzakaratxo bat geure partez!!! Aurrera bolie

Goizane dijo...

Kaixo bidaiari!
Eiderrek pasau duzt blogeko helbidia eta eskerrak ze, zer nolako argazki eta abenturak! Sorteduna zu! Bueno, eta gu! Orain zurekin batera, ordenagailuko lehio txikitik bada be mundutik bidaiatzeko aukera daukulako. Lan ederra hartu dozu mutil, esaldi pare batekin be ondo egongo zan eh ... Besarkada handi bat eta jarraitu "pasiatzen" mundutik! Beste bat arte ...