2008-06-11

Bi hilabete ta erdi Nepalen.... (part 1)

Aupa Bidaiblogzaliok!!!

Aspaldiko!!!

Azkenean hemen Kathmandun bila ta bila ibili ondoren, badirudi azkenean nire blog honetan lanean jarraitzeko leku egokia aurkitu dudala!! Egia esan behin baino gehiagotan egon naiz nire Nepalgo ibilien berri emanaz zerbait idatzi eta argazkirik sartu gabe aurrera egiteko tentazioarekin, baina azken bi hilabete ta erdi hauek eman dutena gehiago izan da aurkakoa egin eta idatzi baino gehiago argazki pila bat sartu eta beraiekin batera zuei muxu potolo-potolo bat bidaltzekoa...
Hona hemen ba, denbora guzti honek eman dutenaren brintzatxo bat.... Nik gozatu dudanaren zati txiki-txikitxo bat behintzat iristen bazaizue, kontentu geratuko naiz..
Aste Santutako (horren urruti geratu diren Aste Santutako) oporrak Iraitzekin Indian pasa ondoren, Nepalera bidea hasi nuen, Dharamsalan, Dalai Lama eta herri tibetarraren herbesteko lekuan egonaldi motx bat egin eta gero... Nepalgo Urte Berriko ospakizunak bete-betean ziren orduan, eta Bakhtapurren, newari etniaren hiriburuan nepaldar (ero hauen) tradizioei buruzko erakustaldi bat jaso ondoren, mendira bidea hartu nuen azkenik, autobusez Jirira, Khumbuko bailararantz dijoan ibilbidea hasteko... Han hasi zen nire ia berrogei eguneko ibilia Solu, Khumbu eta Aruneko bailaretan zehar...

Lehenengo egunetik lagunak egiten hasi nintzen... Jiri eta Shivalaya herrixka bitartean dagoen gainean behera nindoala, kuadrila hau ezagutu nuen!! Bhandarrera zihoazten bost anai arreba hauek, nire loleku berera, Jirin erosketak egin eta gero... polita izan zen bidea beraiekin egitea... Beraien bidea jarraituz, zubi bat zeharkatu aurretik, errekako izpirituengandik babesteko, zubi hasieran ira ostoak jarri behar direla ikasi nuen, eta xenda ondoan harri pila bat ikusiz gero, gainean beste bat jarri behar dela ere bai, leku hori sakratua delako...
Sinetsgaitza dirudien arren, argazkikoa izan da Nepalen egin dudan ibili guztietan benetan gozatu ahal izan dugun arrats eder bakarra... Ilargi betea zen gau hartan eta aurreko bi egunetan eduki genuen eguraldi gardena ilargi aldaketarekin guztiz narrastu zen... Eskerrak goizaldetan egunsenti eder asko izan ditugula horren ordez...
Orain bederatzi urte ez bezela, ibiliaren lehenengo egunetik, mendi elurtuen ikuskizunaz gozatzeko parada ugari izan ditugu... Eta mendiek nahikoa eskaintzen ez bazuten, loratan ziren redodendro basoak zeharkatzea bakarrik, a ze gozadea...












Nepalgo jendearen kuriositatea izugarria da gurekiko, mendi aldeko herrixketan bereziki... eta zer esan umeetaz!! Liburu bat eskutan ikusi orduko, hor datoz denak kurioseatzera... Argazkian, Nepalgo geografiari buruzko klase motx bat, bazkaria noiz prest egongo zain...



Trekkineko hirugarren egunean, Setetik irten eta Lamjurako pasura bidean, Mike txekiarra, Lindy bikotekide hegoafrikarra eta Rafael poloniarra ezagutu nituen, eta geroztik ez ginen banandu, bueltan Kathmandura iritsi arte... 38 eguneko ibilia egin genuen elkarrekin...



Lamjurako gainean (3500m) behera, Soluko bailaran dagoen basorik birjinena dago, ehunka urte dituzten zuhaitz erraldoiekin... zoritxarrez, irla eder baten itxura hartzen ari da herrixkek beraien haunditzean basoari egiten ari dioten kaltearen eraginez... Hala ere, baso honek hilezkorra dirudi, majikoa, eguzkiaren errainuek zuhaitzen artean igaro nahian sortzen dituen argi eta itzalen jokoan...





Nepalen trekkin egitea, berez mendetan zehar bertako jendeak herriz-herri beraien beharrerako dituzten bideak erabiliz ibiltzea da... Jiritik irtenda, Namche Bazaar da denon helburu, mendizale...
...zein porteatzaileena... Beraien karga astunak bizkarrean hartuta, bidean pasatzen dute egun osoa porteatzaileek, eta gaua ere beti bide ertzean... Argazkian, porteatzaile gazte talde bat gosaria prestatzen, bidean aurrera ekin aurretik.


Bederatzi eguneko ibiliaren ondoren, azkenean iritsi gera mendizale guztien Mecara... Namche Bazaarren (ez dakit merezitako, baino bai gustora hartutako) deskantsu egun pare baten ondoren, iritsi da bide berriak ezagutzeko ordua... Gokyora goaz, Cho Oyuren magalera, Nguzumpako glaziar erraldoiaren erreinura... Namchetik gorako bidea Thamserku eta Kangtegaren itzalean hasi arren, lehenengo maldak igo orduko,askoren ametsak egi bihurtzen diren lekura iritsi gera, orduko, mendi haundiei, haundienei, gure lehenengo bistadizoa eman diegun lekura... Laino artean, eta Nhuptsek erdi estalita, Everest, Chomologma ageri da, denaren gainetik... Eskumara, berriz, Ama Dablam... Khumbuko goi aranetan pasatako egun guztietan, amatxoren aurpegi hau ikusteko parada bakarra hauxe, sinisteko zaila dirudien arren...
Namchetik gora pasatako lehenengo gaua herrixka hontan egin genuen, Phortsen... Everesteko Kanpo Basera zein Gokyora dijoazten bidetatik aparte egonik, benetan sherpen izaera zernolakoa den ikusi ahal izan genuen bertan; irekia, alaia eta eskuzabala... Ikusmirari buruz, no comment...Thamserku eta Kangtega dira atzeko mendiak...

Himalayetan zehar aurkitu litekeen animalirik berexienetako batek hemen du bere habitata, Namchetik gora glaziareek dena izotzez bete artean dauden basoetan, besteak beste... "Musk deer" deitzen diote ingelesez...Fijatu ala zarete orein klase honen aho aldean?? Kuriosua benetan...
Hiru egun ibili ta gero, Gokyoko lakuen ertzera iritsi ginen... "Lakeside Lodge"an hartu genuen ostatu, musutruk lolekua, otorduak ordaindu ezkero, noski... Gauetan tenperaturak beherantzgo bidea hasten zuenean, logelan hobeto sartu ere ez egitea... baina goiza iristean, en fin... gure logelako lehiotik genuen bixta duzue hauxe...
Gokyon bost egun pasa genituen, inguru izugarri hark egunpasa egiteko eskeintzen dituen aukerak aprobetxatuz... Egun baten Cho Oyu azpitik gertu den bostgarren lakuraino bueltatxoa, beste baten Namchera bidea egiteko har daitekeen Batura La ko gainera, egunsenti ahaztezin bat Gokyo Ri-n, Cho Oyuko magaleraino hurbiltzeko saiakera frustratu pare bat... Eta ostatura bueltan, gutun pila idazteko tartea berogailuaren bueltan, hotza aguantatzeko gai izanez gero 5000 metrotan izarrek eskaintzen duten espektakulua zeruertzean...

Eguzkiaren lehenengo argi izpiak Cho Oyuren tontorra gorritzen, Gokyo Ri (5400m) ko gainetik egunsentia ikustera igo ginen goizaldean... gogorra izan zen igoera, izugarrizko hotzarekin, goizaldeko 3terdiretan mendian gora habiatuta... argazki hau goizeko 5ak aldean atera nuen...
Baina espektakuluak merezi izan zuen duda gabe... eguzkia inguruko tontor guztiak gorrituz Everesteko bizkarrean gora nola igotzen zen ikusteagatik bakarrik, urrunean, lainoen artean zen Makalu ere gertuagotuz bezela... hitzik ez dago momentua deskribitzeko...


Gokyo hutzi eta bidean aurrera egiteko unea iritsi zenean ere, bazirudien mendiek beren azkenengo oparia eskaini nahi izan zigutela... Aurreko eguneko elurteak dena txuritu zuen inguruan, eta lakuak ispilua ematen zuen, Gokyoko etxetxoak eta batez ere, Cho Oyu ederra oraindik ederragotuz... Yakak geure inguruan elurra karraskatuz bazkatzen hasi zirenean, ia irrela zirudien kuadroak...


Cho La gaina... Gokyo edertzen zuen elurrak infernu ttiki bat bilakatu zuen Khumbuko bailarara zeharkatzeko bidea... Haizea eta hotza, izotza ikustezin bideko harrien gainean... Arriskurik bat ere ez, baina benetan gozatu ez dudan ibilaldi bakarra izan zen egun hartakoa.

Baina hala ere bazuen bere zentzua bide hura egiteak... Cho La zeharkatuta, Chomologmaren oinetan hasten den Khumbuko glaziarrera habiatu ginen... Gokyon paisaiaren haunditasuna bazen ikusmira edertzen zuena, Khumbun mendien gertutasunak begirada bakoitzean ahoza
balik gelditzeko arrazoiak ematen ditu uneoro... Gure loleku izan zen Lobuchetik gora irtenda, mendi izugarrien artean sartuta egiten da gorako bidea... Trekkero guztien helburura, Kala Pattarrera iritsi arte... Kala Pattar, Chomologmaren parez-pare eta ederrean ere pareko den mendiaren erpin baten amaieran dagoen tontortxo bat da, 5700 metro inguruan... Miradore ezinhobea parean dituen erraldoientzat...

Oraingoan eguzkia izan zen bidean gora harrapatu gintuena...







Eta argazki hau gehienok ezagutzen duzuela uste dut... Chomologma bere edertasun guztiarekin beste tontor guztiei gailenduz, Lhotse Nhuptseren erpin izugarri eta konkistatu gabearen atzetik azaltzen... eta euskaldunak erreibindikatzen... Beste banderola bat falta zitzaidan hemen... Ino Udaletxera!!!!

Eta zirkoa ber-bertan montatuta edukita, nola ez joan ba espektakuluaz gozatzera??? Everesteko Oinarrizko Kanpamenduko zirkoa, inoiz baino zirkoago, aurten... Berrogeitamar espedizio inguru ziren izotzaren erdian
akanpatuta, denak tripak jaten, txinatarrek (hoiek bai montatu zutela zirkoa hoiek) beraien antorxa tontorretik noiz pasako zain... Bertan aurkitu genituen Juanra Madariaga eta Jordy Estanyol bilbotarrak (militar espainolez osatutako espedizio bat ere bai, baino hori beste istoria bat da) eta kriston farrak bota genituen beraiekin eta beraien kide kataluniar eta andaluziarrekin bizitzen ari ziren egoeraren kontura... beti bezala, mendizaleak beraien itzalari ere barre egiteko gai...

Berandutzen hasia zen Juanra eta Jordyri agur esan eta kanpobasea atzean utziaz Mike eta Lindyk goizean egindako bidea jarraituz, Rafael eta biok Khumbuko glaziarrean behera hasi ginenean, eta bai berandutu ere! Gauez iritsi bait ginen Pherichera, gure loleku izango zenera... Hala ere ez genuen batere prixarik izan, glaziarra erreka bihurtzen den toki hontan, arratsaldeak eskaini zigun espektakuluak gozatzeko... Eta ederki egin genuen gainera, hurrengo goizean lainoak egin bait ziren bailararen jabe, momentu hartan horren eder azaldu zitzaigun Ama Dablam (ezkerraldean, lainoekin burrukan) eta beste mendi guztiak gure bistatik desagertaraziz...


Eta ibilaldiaren etapa berri bat hasi genuen gero, Khumbutik alde egiteko jendearen gehiengoak erabiltzen duen Luklako aireportua alde batera hutzita, gainez-gain, pikanaka-pixkanaka, Makaluko izotzetan jaiotzen den Arun ibairantz hurbilduaz... Inguru askoz ere "birjinagoa" hauxe, Khumbuko bailarak urte osoan zehar jasotzen dituen mendizale andanarekin alderatuta, oso gutxi baitira hona hurbiltzen direnak... Sherpen bizileku diren mendi goien inguruetatik, bailaretan behera rai-en lurraldetara iritsi ginen, bidean baso izugarriak lehendabizi, eta landatutako terrazetan ibiliaz gero...
Bidean geldialditxoa, Sherpa etxe hontan bazkari pasadatxoa egiteko... Une hontatik aurrera, gure eguneroko menua guztiz aldatu zen... agur momoak, pasta, gosal orduko mueslia... Dal bhata (arroza barazkiekin eta lenteja zopa) eta chapatiak bihurtu ziren gure eguneroko jana...
Najing Dingma-ra iristean, kapritxotxo batzuk ere hartu genituen arren!! Iraitzek Indiara ekarritako txorixuen pakete bat oraindik banuen gordeta nire motxilako txokotxo batean eta txapati pare batekin lagunduta, a ze manjarra!!!


Eta postrerako basa-marrubiak!!! Azukrearekin nahastu ta zanpa-zanpa eginda, eder askoa zegoen txapatiekin jateko!!!




Aruneko bailarara eta rai lurraldera hurbiltzen gindoazen eran berez aberatsa eta konplexua den Nepalgo panorama erlijiosoak duen beste aurpegi bat ikusi genuen, natureren indarrak eta izpirituak gurtzen dituzten animistena... Askotan hinduista, budista zein animista arteko muga ezartzea zaila egin zitzaigun, bailara hauetan kredo denak nahasten baitira inolako konplexurik gabe... Maiatzeko ilargi betea jai garrantzitsua da jende honentzat, eta egun hauetan bailaretan gora eta behera, danbor soinuz lagunduta, txamanek etxez-etxeko bidea egiten dute, jende, animali eta soroetan beren bedeinkapenak banatuz... Behin baino gehiagotan egin genuen topo beraiekin egun hauetan zehar. Eta baita izainekin ere!!! Monzoi garaia gainean genuen eran, beraiekin ere argi ibili behar!! Bideko deskantsutxo batean enuen arreta gahiegi jarri nun eseri nintzen, eta ttaka!! Izein bat potolo-potolo egin zen nire odolarekin... Ez da arriskutsua, ezta mingarria ere, baino nazka pixkat ematen du, bai...



Eta bai, bazirudien monzoiak gutxien behar genuenean harrapatuko
gintuela... Aruneko bailaran sartu aurreko azkenengo gaina,
Salpa La, lainoz estalitako bidean hasi genuen, baso ikusgarri eta ederren artean...

Eta zopa-zopa eginda bukatu... 3500 metro inguruan ginen berriro ere, eta
orain arte euriak traba haundirik egin etzuen arren, guztiz hoztuta
eta mela-mela eginda iritsi ginen gainera... Oraindik erropei ezin izan diet guztiz kendu su hontara arrimatuta egin genuen denporan itsatsi zitzaien ke usaia...
Bailaran behera egiten hasita, Nepalgo hegoaldeko zonalde subtropikalerantz hurbiltzen hasi ginen... Basoak desagertzen joan ziren, banbu kainaberei eta artasoro eta arroz zelaiei txanda emateko... Benetan bitxia izan zen Aruneko bailarara jeitsiera... Salpa Lan laino hotzek eta euriak bidea narrastu baziguten, hor argazkian ikusten diren lainoen artean sartzea, eltze batean sartzea bezela izan zen... ordutik aurrera, hezetasuna eta beroa izan genuen lagun uneoro...



Kanpo laguntzaz eraikitako zubiak ez dira Nepal guztira iritsi, ez... Hauxe alanbrez elkarri lotutako banbu kainaberez egina zegoen... Eta gehiegi mugitzen zen gainera, azpiko errekak zuen indarra kontuta eukita, batez ere... Hala ere, top model, ein? Irrifarra prest ergazkirako...

Saluwa Besi, Arun ibaiaren ertzean, arroz zelaiez inguratuta... gure azkenengo geldialdia Tumlingatarrera heldu aurretik... 50 xentimo ordaindu genituen bertako "lodge" bakarrean... balkoian lo egiteagatik!! Beroagatik izango ez balitz, leku ederra benetan... Askotan gogorragoa egin zitzaidan hezetasun eta bero hartan zelaiean ibiltzea, 5000 metrotan eta dozena bat gradu zero azpitik eukita baino...
Eta Tumlingaterrera iritsita, areoplanua hartu, eta buelta zarataz, kotxez, kez, jendez lepo dagoen "zibilizaziora"... Hegazkinera sartu ta... en primera fila hi!! Mike eta biok pilotuaren kokotera pegatuta egin genuen bidai guztia... aireratzea eta lurrartzea, gomendatzeko moduko esperientzia izan ziren...



Nepal bizitzen ari den momentu istorikoaren seinale, nepaldarrak beren lehenengo Errepublika eguna ospatzen ari ziren Kathmandura iritsi ginenean... Maoistek manifestazio jendetsu, koloretsu eta biziz bete zituzten kaleak... Kathmandu Garako portadan azaldu zen hurrengo egunean...

Eta tira!! Ez gera hipokritak izango!! Zarata, kutsadura eta jende andanaren "zibilizazioak" baditu bere alde onak ere bai... Rokanrola, garagardoa, Interneta... eta "Snowman Bakery" ko bizkotxoak!!! Hirira bueltako lehenengo egunetan, egunero egin genuen bixitaren bat bertara... Argazkian, "banana & chocolate cake"... Tumatxa hi!!
Eta agurrerako ordua iritsi zen azkenean!!! "Dream Team"-a desegiteko zelebrazioan atera genuen argazki hau... Rafaelen ondoan eserita, David eta Pasang, bere gida sherpa... Gokyora bidean egin genuen lehenengo aldiz topo Davidekin, eta bide bera egiten ari ginenez, azkenean denok batera ibiliz bukatu genuen... Kuriosoa, Davidek hiru egun ibili eta laugarrenean deskantsua egiteko ohitura sanoa bait zuen... Eta hala ere, gu baino egun bat lehenago iritsi zen Kathmandura!! Erbia eta dordokaren ipuina gogorarazten zidan askotan gixontxoak...


Eta hauxe duzue Nepalen pasatako lehenengo hilabete t'erdiaren kronika... Gusteu???

Ba ikusiko duzue hurrengoa!! Tamangen herrialdetan egindako ibilia, Langtangen!! Aurrekoa polita izan bazen...
Bitartean... Besarkada haundi-haundi bat Zeruko Errein... digooo Errepublikatik!!!!

2 comentarios:

Anónimo dijo...

Aupa Gari!!
Kosta jatzu idaztie baina portau zara demontre, hau da kronika idatzi diguzuna, eta argazkiak buaaa!!!
Bigarren ibilaldi horretan ere lehenik gozatu eta ondoren guri kontatu.
Musu handi bat.
Lore

Iban dijo...

Aupa aupa, ze argazki ederrak!! Eta bidaia ikuskarrixe!! Buff, ze inbidixie (sanue eh??) Ikusitxakuek eta irakurritxakuek izugarrizko egarrixe eiten daue...
Besarkada haundi bat!!