New Delhi 2008/7/18
Bero da Delhin Uztaila bere bukaerara iristen ari den hontan... Gaur bete beharko lukeen ilargia esistitzen ez diren lainoz gorritua irten da igertzen ez den zeruertzean gora, eta nire harridurarako, dir-dir lotsatiz, baino bai, hor diren izarren bila doa... Kalean, jendeak ez du irrifarrez apaintzen bere aurpegia, ez da alaitasunik beraien ibilian, ez da barrerik iskinetan... Airetik desagertzen ez den hautsa izerditan itsasten da, giroaren astunak nekatuta sentiarazten du gorputza... Burumakur eta serio noa Delhiko kaleetan barna... Ez dira lau egun besterik pasa hemen nagoenetik, eta Kathmanduk, Nepalek, nire barruan sentiarazten zidan zoriona bilatzen saiatzen naiz nire baitan... Ihes egin beharra dut nire irudimenean... eta irrifarre egiten dut segituan, bai, guzti honen gainetik, bai, oraindik, nire ninietan bait da ortzean gora igotzen diren mendietako izotzen dirdira; Himalayak nigan betirako utzi duen lorratza...
Aupa kuadrilla!!!!
Ikusten dezuen bezela, Delhin igarotzen ari naizen egun hauetan beste nunbaiten egotea nahiko nukeela igertzen zait, ezta??? Ba bai!! Baino bueno, Delhik ekarri du bere alde ona ere bai; lortuko enuenaren beldur haundiarekin egon ondoren....
Nire Txinarako bisatua poltsikuan dut!!! Bihar bertan, martxa egingo dut harantza, bi egun beranduago Iraitzekin elkartzeko!!! Eta bueno, kk guzti honen artean, aurkitu nuen baita bertan gelditu eta lekuaz gozatzeko leku polit bat ere bai... Nire idolo haundienetako baten estatua erraldoia Delhi erdi-erdian... eta bueno, beste pake irlatxo bat ere aurkitu dut hiri hontan, Pahar Ganj eta erdialdeko zarata, soinu eta zikinetik urrun den Majnu ta Keela, milaka tibetar errefuxiatuk bizimodu berri bat hasteko aukeratutako lekua... Monastegi eder bat kale erdi-erdian, kantu budistak airean, errebeindikazio kartelak edonun... hemen gustorago nago bai, lasaiago, eta ez zait horren zaila egiten atzera begiratu eta hortxe, eskinaren bueltan dagoen Nepal eder hortan pasatako azken egunak oroitzea...
Lehenagotik kuttuna banuen, oraindik kuttunago bihurtu zaidan Kathmanduri zapore haundiagoa hartzeko baliatu ditudan egun ugari pasa dira azken aldiz blogean idatzi nuenetik... lagun berriak egiteko, kaleko bizitzaz gozatzeko, inguruan gustoko jende ugari eukita egonean egoteko... Denerako izan da denbora azken egunetan... Baita Himalayari agur esan eta Annapurna inguruetan azkenengo trekkina egiteko ere bai!
Baliente eta aurreko gauean ¨"Reggae Bar" en azken aste hauetan zehar ezagutu nituen lagun kataluniar, euskaldun eta denetariko nahasketa internazionalekin botatako parrandaren ajeak gainean nituela, hartu nuen Pokhara-ra, Annapurna aldera egiteko atean dagoen hirira bidea. Jendeak han monzoia askoz ere gogorragoa zela aurretik mila aldiz esan bazidan ere, badakizue, norberaren gorputzean igerri arte, mina ez da sentitzen... Eta bueno!!! Langtang aldean izan genituen eurijasez kexu banintzen, ahaztu!!! Orain badakit zer den benetako monzoia!!! Pokharako lakuertza askok lasai egoteko leku apropostzat duten arren, nik trekkina egin ahal izateko tramite guztiak eginda, inolako kontzientziako kargarik gabe utzi nuen lekua mendirantz egiteko... Bertara iritsi nintzen arratsaldean lainoen gainetik mendiak agertzen ikusi nituenean, nahiago izan nuen nire Nepalgo nire azkenengo trekkina egiteko mendi haietan barrena egitea, urrutitik beraiei begira gelditzea baino, Kathmandun arrapatu nuen katarro izugarri batek oraindik nire onenean sentiarazten uzten etzidan arren.
Mendiak eraldatua zirudien monzoiaren bete-betetasun haren erdian, eta uda garaiak hemen dakarren epela eta euriaren indarraren artean, ia 4000 metrora iritsita ere, belar luzez inguratutako zelaietan eta baso izugarrien artean ibili nintzen uneoro Annapurnako kanpo basera iritsi artean... Annapurnako ingurunea Nepalen urtean bisitari gehien jasotzen dituen lurraldea da, Khumbu-Everestekoa baino gehiago... eta badaude zenbait arrazoi hortarako... Annapurna mendien xarma, bere inguruan diren 7000 metrotik gorako hainbat tontorrena gehituz gero, nahiko da mendizale ugari erakartzeko, eta hori gutxi ez balitz, mendi guzti hauek beraien ipar eta hegoaren artean osatzen duten harresi natural eta klimatologikoak paisaia aniztasun izugarri bat sortzen dute... Monzoiak hegoa gogor astintzen duen bitartean, Thorung La-ko lepotik iparrera Tibetar etniek beraien sorlekuaren antzekotasunagatik beraien bizilekutzat hartutako bailara lehorrez osatua dago...Gurung etnia da inguru hauetan nagusi, eta bidean erakargarriegiak ez diren herrixkak atzean hutzi ondoren, nire ibiliko lehenengo egunean aurkitu nuen bat bereziki ederra dena, Ghandruk. Everesteko trekkineko bukaeran ezagututako Arungo bailararen antza haundia zuten paisaietan barrena bailara gora ta bailara behera ibili ondoren, hantxe aurkitu nuen, malkar piko baten amaieran dagoen zelai batetan kokatua, arrizko etxe txiki eta txukunez eraikitako herrixka... Busti- busti eginda iritsi nintzen bertara, eta nire gusto-gustoko lodgerik aurkituko enuela zirudienean, herrixkako azken etxeen artean aurkitu nuen Sherpa Lodgea, bi pixuko etxe luxe pottokoa... bertako terrazan exerita eman nituen ordu bat baino gehiago, bailara
orlegien malkarretan kateaturik ziruditen lainoei, hortxe atzean ziren Machapuchare eta Annapurna haundiak bistatik aldentzen zuten haiei begira...
Bistan mendi haundirik ezean, giro epel eta humelak, arroz terrazetan barrena ibiltzeak eta jendearen aurpegikerak gehiago oroitarazten zuten lurralde subtropikala eta ez goi mendia, eta nohizean behin bernetan gora nire odolaren bila somatzen nituen izainekin borroka konstantea izan zen... Bidean lagun egin nituen andre gurung batzuek oparitutako gatz poltsatxoa sarri erabili behar izan nuen, nahiz eta kabroi haiek batzuetan konturatu gabe sorpresaren bat emateko sekulako abilezia erakutsi zidaten... Bota barruan aurkitu nuen bat, galtzerdiaren gainetik ozka egin eta oinean merienda egiten!! Bufalo ugari topatu nituen bidean, eta egia esan izainei alde egiteko erremedio ederra ezagutzen dutela konturatu nintzen, baina nahikoa nuen nik buruan behera erortzen zitzaidan ur guzti harekin, lokatzezko bainuak hartzen ibili beharra gabe...
Ghandruketik martxan jarri eta Annapurnako Kanpo Basera bidea hartu beharra nuen goizean, berriz, ia hankaz gora bota ninduen paisaiak eman zidan baina egunona... Machapuchare, arrainaren buztana aurrez aurre, bidean aurrera egiteko arrazoi berriak ematen...
Animoak berrituta eta ederki gosalduta irten nintzen bada, Ghandruk-etik, goiz hartako ikusmirak biziberrituta eta tripa bapo beteta, Machapuchare azpiko kanpalekurantz... azkar nindoan bidean aurrera, gorputza azken ilabeteetako ibilian zaildua eta gogoz, baina monzoiaren krudela ni baino lehenago ibili zen nire lolekura heltzen... Eguerdirako jadanik mela-mela eginda nengoen, eta dhal-bat azkar bat bazkaldu eta nire helburua gorputza zein animoak hoztu aurretik iristea baldin bazen ere, laino artean, hoztuta eta pott eginda iritsi nintzen Machapuchare base camp-era... Aurrera jarraitzeko indarrik eta inguruan beste etxerik ikusi ez eta, aurkitu nuen lehenengo lodge-an gelditu nintzen... Etxe txukuna berau, alde batean sukaldea, jangela eta jebeen bizilekua zuen etxola eta bospasei logelaz osatuta beste bat aldean zuena... Sukaldeko zein bizilekuko ateak itxita aurkitu arren, gelak irekita zeuden, eta jabeak inguruan behar zutenaren konklusiora iritsi nintzen... Jangelako lehioetako batean zintzilik, ikurriña bat ikusterakoan ere pazientzia euki eta bertan geratzeko tentazioa berritu zidan... Gela batean sartu, erropa bustiak erantzi eta lehorrak jantzi nituen bada, sukaldeko epela eta otordua emango zidan gurung jatorraren zain... baino inor etzen azaldu, txistuka eta ohiuka aritu nintzen arren. Motxila barruan gordeta nituen barrita pare bat eta kakahuete trixte batzuk janda sartu beharra izan nuen ba zakuan, hotza gainetik kendu ezinda... Txapazko teilatuan kolpeka erortzen ziren euri tantak bakarrik izan nituen lagun gau hartan...
Goizean ere inor etzen azaldu inguruan, mendi izugarriak besterik ez, berriro ere goizeko lainoei gailenduta... Machapucharek, nire lolekuaren parez pare egonda, itzalean eta hotz mantentzen zuen oraindik aurreko egunean euripean egindako bidea, eta zerbait beroa hartzearen beharrak azkar jaikiarazi ninduen, bidean gora gertu behar zuen Annapurnako kanpo baserantz... Altuerak eta tripa hutsak eraginda, mantxo egin nuen bertara bidea... bostehun metro eskas egin eta Machapuchare-ko kanpaleku nagusia aurkituta! Enuen inor galdezka eta ia lo non egin nuen jakin nahian itaunka hasterik, beraz ondoko bidezidor bat hartuta egin nuen gorantz... Luze oroitzen dut orain bertara iritsi arteko oinezko ordu t'erdia... Ahul eta goseak igertzen nuen nire burua, baina txundituta egin nuen ibilia era berean, ia 4000 metrotan egonda, ordurarte Himalayak erakutsi ez zidan aurpegi baten dirdirapean... loreak edonun, eguzkiaren brintzek piztutako ehunka tximeleta koloretsu... eta azkenean, Annapurna Base Camp!! Eguraldia baina, berriz ere makurtzen hasia, inguruaren ikusmira laino artean gorde zidan egun osoan zehar... laino artean izan nuen soilik Annapurna haundiaren, izugarriaren zantzua antzemateko aukera. Emergentziazko erropa garbiketa bat eginaz, te beroak hartuaz, eta inguruan bueltaxka bat emanaz pasa nituen hango orduak... Eta bueltaxka emanaz nenbilela, lodgearen atzeko gaina pasa ta... Sorpresa!!!!
Kathmandutik irten nintzen egunean irakurri nuen egunkari batean, bai, hiru mendizale frantziar erreskatatzera joandako helikoptero batek izandako istripu bati buruzko zerbait, baina, jode!! Hura bai aterrizatzeko lekua hura! Eta ederra librada hala ere, aparatua erori zen lekutik hamabost bat metrora Annapurnan behera datorren glaziarraren morrenak sortutako arroila izugarrian erortzekotan egon bait ziren!! Katxarroaren jabeak ziren agentziako langileak bertara joanak ziren egun hartan, ur putzua hustu eta helikopteroa bera erreskatatzeko asmoz... earra lana aurretik zeukatena!!